EGILEA: Nerea Murua Sarriegi
(This entry is also available in English)
Proiektu bati aurre egiterako orduan, oso garrantzitsua da hasieratze fasean proiektuan izan daitezkeen arriskuak identifikatzea. Arrisku hauek faktore askok eragindakoak izan daitezke; lerro hauetan proiektuko ekipotik at dauden pertsona nahiz erakundeen menpe egoteak sortzen dituen arriskuak kudeatzerako orduan kontuan izan beharreko puntuak zein diren azalduko dut; third party delakoaren menpekotasuna, hain zuzen ere.
Proiektu guztietan daude zenbait ekintza nahiz ataza ehuneko ehunean proiektuko kideen esku ez daudenak; beraz, ezinbestekoa da proiektuaren arrakastarako bidean, ataza hauek identifikatzea eta kudeaketa plan bat egikaritzea; identifikatutako arrisku hauek arazo bihur ez daitezen. Egoera honetan egongo gara, adibidez, beste norbaiten produktu nahiz zerbitzu bat erabili beharra suertatzen zaigunean.
Aipatu bezala, eman beharreko lehen urratsa, gisa honetako arriskuak identifikatzea izango da; behin hau eginda, arriskuari aurre egiteko kudeaketa plan bat egikaritu beharko da. Honetarako, lehenik eta behin, third party-rekin komunikazioa izango duen pertsona (edo pertsonak) aukeratuko da; honen ardura izango da beraz, ataza aurrera eramatea eta arriskuaren jarraipen eta kontrol zorrotza egitea.
Oso garrantzitsua da, third party-en menpe dauden ataza hauei, ahalik eta lehentasunik handiena ematea, lehenbailehen martxan jartzeko; ez baitakigu zenbat denbora beharko dugun burutzen. Beraz, ataza honi berandu heltzen badiogu, posible da luzatzea, eta proiektuaren amaierara gerturatzean oraindik ere burutu gabe izatea. Honek arazo larri bat dakar: korrika eta presaka erabaki bat hartzea nahiz adostasun batera iristea, proiektuarentzat nahiz produktuarentzat komenigarria ez dena.
Bestalde, azkar hasteaz gain, ezinbestekoa da beste aukera nahiz bide batzuk pentsatuta izatea eta hauek ere lehentasun baten arabera ordenaturik edukitzea; modu honetan, lehenengo aukerak huts eginez gero nahiz adostasunik lortzen ez bada, beste zenbait bide irekita izango ditugu. Honela, lehenengo aukerak huts egitean, ez dugu denborarik galduko beste aukera nahiz bide batzuen inguruan hausnartzen eta erabakiak hartzen.
Beraz, aipatutakoa laburbiltze aldera, laburrean azalduta pausoak honako hauek izango lirateke: third party-en mende egotea eskatzen duten atazak identifikatu, ataza hauei arduradun bat esleitu, lehentasuna ezarri eta aharik eta azkarren hasiera eman honako atazei. Honetaz gain, azkenik, aukera bat baino gehiago izan eskuartean lehenengoak huts egiten badu ere.
Azkenik, gai honen inguruan gehiago jakin nahiko bazenute edo gehiago sakondu, jarraian dagoen estekan, enpresen mundura zuzendutako third party-ri buruzko informazio gehiago aurkituko duzue Crowe Horwath sare globalaren eskutik: Managing Third-Party Relationship Risk
No comments:
Post a Comment