Egilea: Aitor Arzalluz
Askotan, nekeak edo gogo faltak eraginda lana alde batera utzi eta aisiko beste edozein ekintzetan aritzea erabakitzen dugu. Nahita egiten ez badugu ere, gure buruak horren nekezak ez diren jardueretara bideratzen gaitu, epe laburrerako gure onura lehenetsiz, gerora pairatuko ditugun ondorioei garratziarik eman gabe. Lanerako motibazioa ez da zer edo zer zerutik etorriko dena, guk geuk behartu behar dugu geure burua lanari ekitera.
Lehenik eta behin: Zer da motibazioa? Motibazioa zer edo zer hastera, aurrera eramatera edota amaitzera bultzatzen gaituen indar abstraktua da. Pertsona bakoitzaren araberakoa da, jarduera berdinek ez baitute denongan interes bera pizten. Sentipen honek oztopoak aurkitu arren jarraitzera bultzatzen gaitu. Hala eta guztiz ere, bapatekoan desagertu daiteke, gogo falta eta prokrastinazioa ekarriz. Zenbaitetan gure interesak, denboraren poderioz, aldatzea ez da gertaera intrintsekoki txarra, pertsona gisa eboluzionatu egiten baitugu. Arazoa epemuga zehatz bat duen eginbehar batekiko motibazioa galtzen dugunean sortzen da.