Eskuraketak: Baimenak eta Lizentziak

EGILEA: Goiatz Irazabal Rodríguez

Bideoen sorkuntzan, hainbat atal kontutan izatea beharrezkoa da sortuko dugun produktuarekin arazorik ez izateko. Argi izan behar dugu, ezin dela gogoko dugun edozer grabatu beharrezko baimenak eskuratu gabe. Bestalde, gurea ez den materiala eskuratzen dugunean, musika esaterako, material hau nola erabili jakin behar dugu.

Lehenik eta behin, grabaketaren kokalekua aztertuko dugu. Normalean, kalean dauden leku publikoetan ez da grabaketarako baimenik eskatu behar. Bestalde, eraikinetan, gomendagarria da bertako arduradunari baimen eskaera bat luzatzea. Arduradunarekin kontaktua ez badugu, atezaintzan galdetuko dugu zein den jarraitu beharreko prozedura.

Kasu hauetan, kontu handiz ibili behar gara denbora mugekin. Izan ere, eskaera horiek, normalean, ez dira berehala tramitatzen eta egun batzuk igarotzen dira erantzuna jaso arte.

Unibertsitateko eraikinen kasuan, fakultate edo eskola ezberdinetan grabatu nahi izanez gero, eraikin bakoitzeko dekano edo zuzendariaren baimena lortu beharko dugu. Normalean ez da tramite handirik egin behar eta erantzuna egun batetik besterakoa izan daiteke. Gelategia eta Liburutegiari dagokienez, berriz, Campuseko Errektoreordetzaren menpeko eraikinak direnez, eskaera formal bat egin behar da, erantzuna eskuratzeko 4-5 egun igaro daitezkeelarik. Eskaera hori egiteko, eraikin bakoitzaren atezaintzan galdetu behar da prozedura.

Beste kontu garrantzitsu bat, grabaketan nor agertzen den da. Bi kasu orokor bereiziko ditugu: zeharka grabatzen dugun norbait alde batetik, eta zuzenean grabatzen duguna bestetik.

Lehenengo kasuan, suposatuko dugu, grabatzen ari garen pertsona ez dela gure grabaketaren helburua eta beste zerbait grabatzen ari garen bitartean agertzen dela markoan. Pertsona honek kontrakoa esaten ez duen bitartean, grabaketarako arazorik ez dagoela suposatuko dugu. Beti ere, pertsona horrek argi ikusten badu grabaketa burutzen ari dela, hau da, kamara ez dago ezkutuan.

Bigarren kasuari dagokionez, nahiz eta pertsona horrek argi ikusten duen grabatzen ari garela, baimen dokumentu bat sinaraztea da gomendagarriena. Bertan bideoan agertzeko baimena ematen duela eta bideoaren erabilerarekin ados dagoela jakinaraziz.

Bi kasu orokor hauetatik kanpo, kontu handiz ibili behar gara adin txikiko pertsonekin. Izan ere hauen aurpegia argi eta garbi agertuko bada bideoan, komenigarria da bere guraso edo tutorearen baimen esplizitua izatea.

Azkenik, bideoetan ohikoa den musika dugu aztergai. Nola lortu lizentzia askeko musika eta zein lizentziapean erabili argi izan behar dugu. Horretarako plataforma erabilgarria da www.jamendo.com plataforma. Bertan hainbat estilotako, luzeera ezberdinetako lizentzia askeko musika deskarga daiteke. Kontutan izan behar dugun gauza bakarra, kanta bakoitzaren orrialdearen azpian agertzen den lizentzia eta erabilera baimenak errespetatzea da.

Irizpide hauek jarraituz gero, seguruenik, sortutako bideoak ez du baimen edo lizentzia kexarik jasoko.

No comments:

Post a Comment