Arriskuen kudeaketa eta Jarraipena+Kontrola

EGILEA: Lierni Sestorain

Proiektu bat aurrera eramateko garaian, "Guía del PMBOK" liburuak dioen moduan, beharrezkoa da plangintzan gerta litezkeen arriskuak identifikatzea eta dagokien tratamendua zehaztea, bai saihesteko eta bai, gertatuko balira, aurre egin ahal izateko. Adibide moduan Proiektuen Kudeaketa ikasgaiko P3 proiektua erabiliz, produktuaren kalitate irizpideak ziurtatzeko garaian, ez genuen arriskurik aurreikusi eta hortaz, arriskuak arazo bilakatu ziren. Ez genuenez arriskurik aurreikusi, saihesteko estrategiarik ere ez genuen zehaztu, ezta arazoa konpontzeko metodorik ere.

Gure kasuan izan zen bezala, aurrekonturik behar ez den proiektuetan, orokorrean, arriskuen kudeaketa egiterakoan, pisu guztia denboraren gainean jartzen dugu, proiektua edo produktua garatzeko beharko dugun denbora nahikoa izango den, aldaketak egiteko nahikoa denbora izango dugun etab. Gero, ordea, errealitatean, egindako estimazioak nahiko egokiak dira eta utzitako koltxoiarekin, denborak ez du arazo handiegirik suposatzen.

Azal dezagun gure arazoa. Webgunearen (produktua) entrega egin eta hurrengo egunean, webgunea atzitzen saiatzerakoan, ez zegoela atzigarri adierazten zigun nabigatzaileak. Nahiz eta ez genuen arriskuen artean sartu, bagenekien gerta zitekeen zerbait zela, klasean ere aipatu baitzen, baita arazo hau saihesteko zer egin behar zen ere. Hortik bada gure sorpresa. Ez zen horrelakorik inondik inora espero, izan ere, arrisku hori kudeatua egotea espero zen (segurtasun kopia bat egina edota webgunea beste helbide batera birbideratuta).

Hori dela eta, zerbitzaria erori zenean, arazoa saihestea ezinezkoa zen, baina okerrago dena, ez geneukan arazoari aurre egiteko estrategiarik zehaztuta. Segurtasun kopiarik eta birbideratzerik ez genuenez egin, arazoaren aurrean salduta gelditu ginen.

Hortik, plangintza egiterakoan, beharrezkoa da kalitate irizpideak betetzerakoan egon daitezkeen arriskuak identifikatu eta tratatzea, baina hala ere, badaude beste zenbait arrisku. Hala nola, eguraldia (kanpoan lan egin behar denerako, adibidez, bideoak grabatu), gaixotasunak (lanen atzerapena ekar dezake), gaizkiulertuak (lanak alferrik egitea ekar dezake), hirugarren pertsonen arabera lan egin behar izatea etab.

Horretaz gainera, atazak eginda daudela ere ziurtatu behar da. Lehen esan bezala, zerbitzaria erortzearen arriskua aipatu zitzaigun klasean. Hortik, gaizkiulertuak edo nahasteak medio, egin gabe gelditu zen eta egina zegoela espero genuen. Beraz, hurrengorako, ataza bakoitza egiten denean, bukatuta dagoela ziurtatzea garrantzitsua izango da, taldekideen, proiektuaren eta produktuaren hobe beharrez.

Bukatzeko, proiektu bat aurrera eramatekoan, plangintzan arrisku guztiak kontu handiz identifikatzea eta tratatzea (saihesteko eta aurre egiteko metodoak zehaztea) beharrezkoa izango da. Bestalde, jarraipen eta kontrolean, ataza guztiak egin direla egiaztatu beharko da.

No comments:

Post a Comment