Lehengo proiektutik jarraipen tresna garatu eta hobetzen joan

Egilea: Juan Alagon

P2 proiektuan denboraren jarraipena egiteko tresna on bat garatzea oso gomendagarria da. Oraindik lan karga ez da oso handia beste proiektu eta epealdiekin konparatuz, ondorioz denbora gehiago dugu tresna on bat garatzeko. Ez hori bakarrik, taldeak txikiak izanda, tresnaren konplexutasuna txikiagoa da (ataza gutxiago, arduren esleipen sinpleagoa, … izanda).

Jarraipen tresna egokia garatzen nahiko denbora ez emateak, denboraren jarraipen txar bat egitera bideratu dezake. Denboraren jarraipen txar bat egiteak, aurrerago, lan karga handiagoa suposatzen du. Nahiz eta hasieran denbora aurreztu, tresna garatzen ez dugulako denborarik inbertitu, aurrerago jarraipen dokumentua egiterako garaian (P2 kasuan E230 dokumentua), lan karga handia izango dugu informazioa bilatzen, biltzen, antolatzen eta balioztatzen. Gainera, behin informazioa jaso dugula aztertu beharko dugu eta, tresna egokirik gabe, eskuz aztertu beharko dugu, lan gehiago suposatuko duena.

 Hortaz, jarraipen tresna egoki bat garatzeko denbora inbertitzea oso gomendagarria da hasierako proiektuetan. Gainera, garatzen dugun tresna hurrengo proiektuetan berrerabili ahalko dugu eta baita hobetuz joan, lan karga gero eta txiakiagoa egiten JetaK lan-paketean.

Tresna on bat egiteko, Google Sheet erabiltzea gomendatzen da (Google-ren kalkulu orria). Alde batetik, kalkulu orri bat erabilita denboren inguruko informazioa (noiz, nork, zer eta non) leku berdinean egotea ahalbidetzen du. Bestetik, Google-en kalkulu orria modu kolaboratiboan lan egitea eta datuak hodeian gordetzea ahalbidetzen du, informazioa beti eskuragarri eta eguneratuta egon dadin.

Kalkulu orri honetan bi orrialde sortzea gomendatzen da:

  • Denboren taula bat hurrengo zutabeekin: lan-paketea, ataza, nork egin du, zenbat denbora, noiz hasi eta noiz bukatu.

    • Lan-paketea: Lan-paketearen atazak multzokatzeko balioko duen zutabea, irakurgarritasuna hobetzeko

    • Ataza: Atazaren kodea

    • Nork egin du: Ataza burutu duen taldekidearen kodea

    • Zenbat denbora: Ataza horretan lan egiten eman duen denbora metatuta

    • Noiz hasi: Noiz hasi zuen ataza hori lantzen

    • Noiz bukatu: Noiz bukatu zuen ataza hori lantzen

    Zutabe hauekin taldekide bakoitzaren lanaren jarraipena egitea asko errezten da eta gainera Gantt-arekin alderatzea ahalbidetzen du ( noiz hasi eta noiz bukatu zutabeak begiratuz ).

  • Laburpen taulak. Orrialde honetan denboren taulatik ateratako informazioaren laburpena egongo da, informazioa modu azkarrean analizatu ahal izateko. Gomendatzen da lau taula jartzea orrialde honetan: ataza bakoitzeko denbora metatuta, taldekide bakoitzaren denbora metatuta, taldekide bakoitzaren ataza kopurua. Taula hauek automatikoki sortu daitezke QUERY agindua erabilita. QUERY agindua SQL-ren antzeko sintaxia erabiltzen du datuen kontsultak egiteko.

    • Ataza bakoitzeko denbora metatuta: Taula honek ataza bakoitzean emandako denbora jasoko du ( horrela alderatu daiteke ataza bakoitzeko estimatutako denborarekin ).
      Hona hemen query-aren adibidea, zure beharretara moldatu:


      =QUERY(Denborak!B2:D323;"select B , sum(D) where not B like 'TOTALA%' and B is not null group by B order by B ASC label B 'Ataza', sum(D) 'Denbora Totala' ")

    • Taldekide bakoitzaren denbora metatuta: Taula honek taldekide batek ataza guztien denborak batuta eman duen denbora jasoko du ( horrela esleitutako denbora maximorekin alderatu daiteke ). Hona hemen query-aren adibidea, zure beharretara moldatu:

      =QUERY(Denborak!D2:E323;"select E , sum(D) where E is not null group by E label E 'Pertsona', sum(D) 'Denbora Totala'")

    • Taldekide bakoitzaren ataza kopurua: Taula honek jasoko ditu taldekide bakoitzak egindako ataza desberdinen kopurua ( horrela ikusi daiteke lanaren banaketa egokia izan den hala ez. Datu hauek baita atazen denborarekin batera aztertu behar dira, gerta daiteke pertsona batek ataza asko izatea baina denbora gutxikoak izatea ). Hona hemen query-aren adibidea, zure beharretara moldatu:

      =QUERY(Denborak!D2:E323;"select E , sum(D) where E is not null group by E label E 'Pertsona', sum(D) 'Denbora Totala'")

Bi orrialde hauez gain baita gomendatzen da laburpen tauletatik grafikoak egitea. Grafikoak ulertzeko azkarragoak dira eta baita automatikoki sortzen dira.

Laburbilduz, jarraipen kontrola egiteko tresna hasierako proiektuetatik garatzen hastea oso gomendagarria da hurrengo arrazoiengatik:

  • Denbora gehiago dugu kalitatezko tresna bat garatzeko, baliagarria izango dena hurrengo proiektuentzat ere

  • Hasieratik garatzea aukera ematen du hurrengo proiektuetan tresna hobetzen joateko

  • Google Sheets moduko teknologiak erabiltzea jarraipena modu “automatizatu” ( datuak sartuta, grafikoak/analisi taulak automatikoki sortu ) batean egitea ahalbidetzen du.

  • Hasieratik ohitura hartzea gomendagarria da, aurreragoko proiektuen konplexutasunaren aurrean lan-karga txikiagoa izateko ( dagoeneko tresna bat izango dugulako eta tresna honekin ondo moldatuko garelako )

No comments:

Post a Comment