Taldeko lan-banaketan social loafing izeneko fenomenoa ager daiteke

Egilea: Egoitz Ladron Lete

Proiektuaren garapenarekin hasi aurretik taldeko kide bakoitzari rol bat esleitu zitzaion. Rol  bakoitzak bere berezitasun eta ardurak ditu eta guztien lana beharrezkoa da proiektuak funtzionatu dezan.

Banaketa horretan zuzendari rola esleitu zitzaidan, ondorioz proiektuaren garapenean zehar taldeko kide desberdinen artean atazak modu orekatu batean banatzea izan da nire ardura nagusia. Talde lanak modu egokian funtzionatu dezan kide guztiek esleitutako lanak modu egokian garatzea beharrezkoa da. Baina talde guztietan arazo bera gertatzen da: kide batzuek beren ardura ez betetzea, edo besteen esku lagatzea, honen ondorioz taldeen arteko dedikazio desoreka sortuz.

Arazoa

Taldeko lan-banaketan social loafing izeneko fenomenoa ager daiteke: erantzukizuna taldekide guztien artean banatuta dagoenean, pertsona batzuek esfortzu gutxiago egiten dute banaka lan egingo balute baino. Hau bereziki ohikoa da zereginaren ikusgarritasuna txikia denean, hau da, kide bakoitzaren ekarpena ondo monitorizatzen ez denean.

Gainera, PKren ikuspegitik, zereginen esleipena ez da soilik lana banatzea: ataza bakoitzaren konplexutasuna, iraupena eta kide bakoitzaren gaitasunak kontuan hartu behar dira. Lan-pakete desegokiak definitzeak, konplexutasuna eta denbora-estimazioa kontuan hartu gabe, karga desorekatua eragiten du zuzenean, eta hori social loafing-aren agerpenerako oinarri bat izan daiteke.

Honen ondorioz taldeko kideen arteko dedikazio desoreka handi bat sortu daiteke, taldearen motibazioan eragin negatibo handi bat sortuz. Motibazio falta horrek social loafing fenomenoa zabaltzea bultzatu dezake, proiektuaren arrakasta baldintzatuz.

Konponbidea

PKren ikuspegitik, egoera hau ez da zerbait ezusteko gisa kudeatu behar: plangintzan aurreikusi beharreko elementua da. Horretarako, hainbat tresna eta prozedura ezarri genituen proiektuan zehar:

  • Zereginen zehaztapena idatziz: kide bakoitzak egin beharreko lanak eta hauen iraupenak dokumentu edo plataforma batean garbi adierazi. Gure kasuan Google Docs dokumentu batean kide bakoitzaren eguneko lana eta iraupena jasotzen ziren. Horri esker, ardura argiak ziren eta anbiguotasuna ekiditen zen.
  • Konplexutasunaren eta denbora-estimazioaren ebaluazioa: zereginak esleitu aurretik, haien zailtasuna eta estimatutako iraupena aztertzen genituen. Kide bakoitzaren ezaugarriak ere kontuan hartu genituen, ataza beraren konplexutasuna ez baita berdina guztientzat. Honakoa plangintza garatzean egingo litzateke.
  • Jarraipena eta kontrola: Modu sistematiko batean kontrolatzea egindako lana. Gure kasuan Google Docs-eko datuak Google Sheets batean biltzen genituen, taldekide bakoitzaren dedikazio errealak aztertzeko eta planifikatutakoekiko desbiderapenak identifikatzeko. Jarraipena egunero egiten zen, horrela desbiderapenak antzematea lortu zen. Trello moduko aplikazioak ere erabil daitezke honetarako.
  • Birbanaketa aktiboa: desbiderapenak antzematean, lan-karga berroreka egiten genuen, inori gehiegi kargatu gabe eta plangintza eguneratuta mantenduz.
  • Komunikazioa: arazoak bizkor antzeman eta zuzentzeko, taldeko komunikazioa aktibo mantentzea ezinbestekoa da, eta hori ere plangintzan jasota egon behar da. Honetarako tresna asko daude eskuragarri, gure kasuan erabili dena WhatsApp eta bilerak izan dira nagusiak.

Ikus daiteken moduan hasiera batean plangintza egoki bat definitzeak du garrantzia handiena, bai atazen banaketa nola burutuko den zehazteko baita horrelako egoerak nola kontrolatuko diren modu eraginkor batean zehazteko aukera bikaina da.

Ondorioa

Lan-banaketa argi eta orekatuak, konplexutasuna kontuan hartuta, social loafing-a nabarmen murrizten du. Baina garrantzitsuena da hau ez dela kasualitate edo zorte kontua: plangintza egoki batek, jarraipena eta komunikazioa barne, taldeko errendimendua eta kohesioa bermatzen ditu proiektu osoan zehar.

Erreferentziak

  1. Social Loafing (Wikipedia, 2025)
  2. Social Loafing: Monster That Can Ruin Your Team's Productivity (NiftyPM, 2023)

No comments:

Post a Comment