EGILEAK: Goiatz Irazabal Rodríguez & Xabier Zabala Barandiaran
Zenbat aldiz gertatu zaigu entrega baten aurreko azken orduetan gure estres mailak gora egitea? Mundua gainera erortzen zaigu, denbora emango ez digula pentsatuz eta lana buru belarri gelditu gabe egiten saiatzen gara. Baina gure garunak, atsedena behar du lana behar bezala egiteko eta batzuetan hobe da atseden bat egitea ondoren lana modu eraginkorragoan burutzeko.
Demagun, entrega garrantzitsu bat egiteko ordu pare bat falta direla, eta garapen taldeko kideak dagozkien atazak amaitu nahian dabiltzala. Ez dirudi proiektu bat aurrera eramateko eszenatokirik egokiena baina errealitatean nahi baino gehiagotan jasotzen den egoera da, egoera benetan problematikoa.
Produktu bat garatzerako garaian garapen taldeak ez du beti plangintzan ezarritako koltxoiak baliatzeko aukera izango, proiektuan bertan egun gutxitan betekizun guztiak egin beharko direlako, edo interesatuen eragina dela eta ezusteko arazoak sortu eta aurreikuspen guztiak hankaz gora gelditu direlako.
Zuzendari baten ikuspuntutik, berebiziko erronka da azken orduko estresa kudeatzea, eta hainbat modutan joka dezake horrelako egoera baten aurrean. Aukera bat langileei bere horretan lanean jarraitzen uztea da, behatzak gurutzatu eta ordurako lana eginda izango dutela pentsatzea. Beste aukera bat, garapen taldeko kideek gogoko izango duten eta burua deskonektatzen lagun dakieken ekintzaren bat prestatzea da, ekintzak dirauen bitartean “galtzen” den denbora inbertsio modura enfokatu eta ondoren lanari indar gehiagorekin ekin ahal izango zaiola suposatuz.
Bigarren aukera honi tinko heltzea da, agian, horrelako kasuetan gutxien ikusten den erabakia. Buruak deskonexio momentua gogoz hartzen du, beste gauza batzuetan pentsatu eta proiektutik pixka bat urruntzea ondo datorkio. Gainera, lanera bueltan, gure sormen mailak gora egingo du seguruenik eta lana erraztasun handiagoz burutuko du.
Adibide moduan, proiektuen kudeaketako 4. Proiektuan gertatutakoa azalduko dugu. Ordu batzuk falta ziren produktuaren entregarako eta talde ezberdinetako hainbat partaide buru belarri geuden lanean. Erabaki exekutibo bat hartzeko garaia zen. Talde ezberdinetako partaide batzuk jateko zerbait erostera joan ginen eta ondoren denei atsedenaldia egitera gonbidatu genien. Atsedenaldiaz gain, gure artean komunikatu eta batzuk besteei lagundu genien, talde barruko eta talde ezberdinen arteko harremanak indartuz. Lanera itzuli ginenean, berriro ere indarrez hartu genuen proiektua eta emaitza ezin hobeak lortu genituen.
Guzti honetatik, ondoriozta dezakegu, momentu larrienetan ere, atsedenaldiak beharrezkoak direla lanak aurrera egin dezan. Garunak arnasteko beharra ere badu!
No comments:
Post a Comment