Hangouts bidezko taldeko bilerak

EGILEA: Oihane Parra Garmendia

Proiektu bat talde lanean aurrera eramaten ari garenean taldeko komunikazio egokia oinarrizkoa da emaitza onak lortzeko. Horregatik, taldeko bilerek garrantzi handia dute proiektuaren barruan, eta ahalik eta eraginkorrenak izaten saiatu behar dugu.

Bilera bat egin aurretik, hainbat gauza hartu behar dira kontutan: zergatik egin behar den, zeintzuk joango diren, etab. Guzti hau pentsatu ondoren, bilera hori egiteko aukera desberdinak aztertu eta hoberena aukeratzen saiatu beharko da taldeko zuzendaria. Aukera horiek guztiak bi multzo nagusitan bana ditzakegu: aurrez aurrekoak eta urrutikoak (partaideak leku ezberdinetan kokaturik). Azken mota honetako bilera bat egin nahi badugu, Google-en Hangouts bidezko bideo-deia erabiltzea erabaki oso interesgarria izan daiteke.

Hangouts tresnaren bidez, etxetik atera gabe taldekide guztiekin komunikatzeko aukera izango dugu, ordenagailua, tableta edota smartphone-a erabiliz; hori bai, kamera eta mikrofonoa izan beharko ditu. Mota honetako bileretan inoiz baino hobeto jarraitu behar dira bileren prestaketarako pausoak; adibidez, bileran zeri buruz hitz egingo den erabaki, gai bakoitzak beharko duen denbora zehaztu eta bileran zehar beharko den materiala prestatu. Honez gain, hitz egiteko txanda ezartzea nahitaezkoa izango da; aldi berean hitz eginda ez baikara ezertaz jabetuko. Horregatik, eta gomendio guztietatik garrantzitsuena, ez ahaztu zuzendariak moderatzaile lana ahalik eta hobekien egin beharko duela, aurrez aurreko bileretan ezinbestekoa izango baita bilkura ondo burutzeko.

Gero eta gehiago erabiltzen ari den plataforma honek abantaila asko ditu. Batetik, doakoa da eta aurrez aurreko bilera baterako izango genituzkeen gastuak (garraioa...) ekidingo ditugu. Bestalde, munduko bi puntetan dagoen jendearekin elkartu gaitezke etxetik atera gabe.

Gainera, erabil erraza da. Hitz egiten ari den pertsona pantaila handian agertuko da automatikoki eta eskaintzen dituen baliabideekin asko erraztuko da bilera. Adibidez, partaide batek bere pantaila partekatu dezake egindako lana erakusteko edo proiektuaren egoera hobeto azaltzeko. Web bat garatzen ari garen kasuan, prototipo ezberdinak erakutsi diezazkiekegu beste taldekideei.

Hala ere, Hangouts-ek muga batzuk ere baditu. Erabiltzen dugun lehen aldia bada, agian, arazo batzuekin topatuko gara. Horregatik, komenigarria da bilerako partaide guztiek aurretik tresna hau probatuta izatea eta nola funtzionatzen duen jakitea, mikrofonoaren edo kameraren arazoak ekiditeko, adibidez. Gainera, aurretik inoiz erabili ez badugu, seguruenik plugin bat instalatzeko eskatuko digu, eta ondorioz, beste bilerako partaideak gure zain egon beharko dira. Honez gain, asko jota 10 partaideko bilerak egin daitezke. Azkenik, oihartzun arazoak ez sortzeko gomendagarria da aurikularrak erabiltzea, eta hala ere soinu arazoak badauzkagu, mikrofonoa isildu beharko dugu hitz egiten ez dugun bitartean. Arazoak konpontzen diren artean, txat-a erabili daiteke taldekideekin komunikatzeko.

Honek guztiak ez du esan nahi beti arazoak sortzen direnik; orokorrean, Hangouts zerbitzu fidagarria da.

No comments:

Post a Comment