Webgune bat sortzearekin batera, kokapen ingurune baten hautaketa dator eta bigarren horrek izugarrizko garrantzia du. Ingurune asko daude eta bakoitzak, gainera, zerbitzu mota ezberdinak eskaintzen ditu. Informazio asko eta buruhauste gehiegi. Lan hori errazagoa izan dadin, beraz, baliagarriak diren pauso batzuk azalduko dizkizuet jarraian.
Ezertan hasi aurretik ingurune ezberdinak aukeratu beharko dira horiei buruzko azterketa egiteko. Aurrez esan bezala, hosting asko daude, baina ez da gomendagarria asko aukeratzea. Kontuan izan bakoitzaren informazioa jaso behar dela eta, beraz, ingurune asko izanez gero lan hori oso pisutsua izan daitekeela. Lau edo bost aukeratzearekin, beraz, nahikoa.
Ondoren, aukeratutako kokapen inguruneei buruzko hausnarketa egin behar da. Hausnarketa hori egiteko kontuan hartu beharreko zazpi ikuspuntu garrantzitsu azalduta daude jarraian:
- Hornitzailearen ospea: Erabiltzaile ezberdinen iritziak entzun edo irakurri. Jendearen esperientzia ezagutuz, ingurune bakoitzaren ideia orokor bat egin ahal izango duzue.
- Kokapen mota: Hornitzaile gehienak Windows eta Linux kokapenak eskaintzen dituzte. Inguruneek ez dute berdin jokatzen kokapen motaren arabera. Arreta berezia jarri, beraz, bateragarritasun kontuei. Gerora begira arazo asko ekidin ahal izango dituzue.
- Espazio eta transferentzia: Webguneak behar duen espazioa kontuan hartu eta ingurune bakoitzak eskaintzen duenarekin konparatu.
- Euskarria: Edozein arazoren aurrean eskaintzen duten prestutasunari buruzko informazioa bildu.
- Elementu teknikoak: Gehienak antzeko elementuak eskaintzen dituzte, baina erabiltzaileari begira orrialdearen kudeaketa zeinek errazten duen begiratu.
- Segurtasuna: Segurtasun arazoen aurrean zein politika erabiltzen duten aztertu eta ea segurtasun kopiak egiteko aukera eskaintzen duten.
- Taldekideen aldez aurreko esperientzia: Taldekideen esperientzia pertsonala kontuan hartu.
Aurrez egindako hausnarketa horrekin informazioa ordenatzea lortzen dugu, baina ditugun aukeren artean bakoitzaren beharretara hoberen egokitzen den ingurunea zehazki zein den jakiteko gomendagarria da ondorengo pausoak jarraitzea:
- 10eko edo 100eko eskalan ikuspuntuak ordenatu, ematen diozuen garrantziaren arabera.
- Ikuspuntu bakoitzari esleitu zaion puntuazioa, ikuspuntu bakoitzean irabazi duen inguruneari esleitu.
- Puntuazio gehien lortu duena izango da webgunea garatzeko erabiliko den kokapen ingurunea.
Pauso horiek jarraituz gero, uste baino arazo eta ezuste gehiago ekidin ahal izango dituzue webgunea aurrera doan heinean. Zerbitzaria erortzea, espazio-falta, doako bertsio mugatuak... ingurune ezberdinei buruzko hausnarketa behar bezala ez egitearen ondorio batzuk besterik ez dira. Merezi du, beraz, lezio honetan azaldutako guztia kontuan hartzea.
Esandakoari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, INTECO-CERT enpresak garatutako gidari erreparatzea besterik ez duzue, lezio honen zati garrantzitsu bat egiteko erabili dudana.
No comments:
Post a Comment