EGILEA: Eneko Irazusta Aizpurua
Ondoren datorren hausnarketa Jarraipen eta Kontrol txosten bat egiterako garaian kontuan hartu behar diren bi ideien inguruan datza, alde batetik denboraren zatitzeak duen garrantzia, eta beste aldetik, jarraipen eta kontrolaren arduraduna izan behar den pertsonaren garrantziaz.
Jarraipen eta kontrol eraginkor bat egitekotan, lehenik eta behin, proiektuaren bizi zikloaren denbora zatitzea behar-beharrezkoa da. Zati bakoitzaren tamaina proiektuaren bizi zikloaren iraupenean oinarritu daiteke, bizi ziklo luzea badu, orduan eta zati handiagotan osatuko litzateke, aste edo hilabeteetan adibidez. Bestalde, egin nahi den kontrolaren zehaztasunaren arabera ere zatitu daiteke, gero eta zati gehiago eginez, kontrol zehatzagoa egin daiteke. Egin nahi den jarraipenaren eta proiektuko lan taldearen ezaugarrien araberakoa izango da erabaki hau. Honako hau kontuan hartuta eta gure proiektuak aste batzuetako iraupena dutela kontuan izanik, jarraipen hori astero egin beharko litzateke eta ez proiektuaren bizi ziklo guztirako. Bizi ziklo guztirako kontrola eginez gero, proiektuko ataza guztiak taula batean bilduz eta ataza horiek kide ezberdinei esleitu, taula horren informazio kantitatea izugarria suerta daiteke, kasu batzuetan erabiltezina. Aste bakoitzeko taulak erabili eta aste horretan egin beharreko atazak edukiz, aste batetik bestera pasatzerakoan, proiektuaren atazen gaineko kontrola lortzen duzu, eta eginik dagoena eta egiteke geratzen dena modu errazean bistaratzea lortu.
Jarraipen eta kontrola ez da soilik asteroko taula horiek betetzea, ez dira zertan taulak erabili beharrik ere. Jarraipen eta kontrola, egin beharreko atazak egin behar diren momenturako egin diren ala ez kontrolatzean datza, eta horretan oinarrituta ondorioak atera eta beharrezko erabakia hartzean; honetarako erabiltzen diren baliabideak norberaren esku geratzen dira.
Jarraipen eta kontrolaren arduraduna identifikatzea guztiz kritikoa da, nahiz eta taldeko kide guztien esku egon jarraipen eta kontrola behar den bezala gauzatzea, pertsona bat behar da proiektu osoaren ikuspegia duena, gure kasuan zuzendaria. Zuzendariaren lana, beraz, taldeko kide guztiei jarraipena egiteko beharrezkoa den informazioa eskatzean datza, beraien lanaren jarraipena eginez beharrezko datuak biltzen. Datu horien bilketa bi modutan egin daiteke, arduradunak banan bana kide bakoitzari eskatuz edota kide guztiek periodikoki bere lanaren berri emanez. Modu bat edo bestea aukeratzea taldearen ezaugarriei hobekien moldatzen denaren araberakoa izango da. Jasotako datu horiekin, arduradunak, proiektuaren osotasunari begira hartu beharreko erabakiak hartu beharko ditu, bera bait da proiektuaren ikuspegi zabalena duena.
No comments:
Post a Comment