Multimedia edukiaren erabilera egokia webguneetan

EGILEA: Oihane Parra Garmendia

Webgune bat sortzerakoan garrantzitsuena, seguruenik, egileak bertan zer jarri nahi duen erabakitzea izango da, weba nori zuzenduta egongo den kontutan hartuta, noski. Gunea aspergarria ez suertatzeko aukera anitzak dauzkagu eskuragarri gaur egun; oinarrizko egitura eta erabilitako kolore eta formatuak zeresan asko izango dute, baina baita txertatutako edukiak ere; hala nola, irudiak, bideoak, musika, eta beste asko.

Weba erakargarria izateko aukera on bat bideoak erabiltzea izan daiteke. Beti ere webaren egileak sortzea izango da nahi duena hobekien erakusteko modua, berarentzat garrantzia duten atalak baino ez baitira agertuko. Hala nahi bada, Camtasia Studio editorea gure bideoa sortzeko aukera erabilerraza eta profesionala da. Hilabeteko doako proba bertsioa jaitsi daiteke ondorengo webgunetik: http://www.techsmith.com/camtasia.html, bai MAC bai Windows-erako. Nahiz eta doako proba bertsioa izan, ordaindutakoaren ezaugarri berdinak ditu.

Tresna honek eskaintzen dituen aukeren artean liburutegiko materialaren erabilera dago; musika eta gai ezberdinetako animazioak, adibidez. Bideoaren sortzaileak liburutegiko material guztia erabiltzeko eskubidea izango du, beti ere material hau bideoa sortzeko erabiltzen badu, eta ez bestelako produktu bat (adibidez berak sortutako joko bati soinua jartzeko); horretarako baimenik ez da egongo inolaz ere.

Garatutako bideoa sortzeko legea errespetatu beharko denez eta erabiltzeko baimena duen materialaz soilik baliatu daitekeenez, adibidez, http://www.jamendo.com webgunean dauden Creative Commons lizentziapeko abestiak jaitsi ditzakegu ondoren gure bideoan txertatzeko. Bertan, hauen erabilera baimenduta duten mota desberdinetako kantak aurki ditzakegu.

Azkenik, eta lizentziekin jarraituz, web gunean irudiak ere erabiliko dira seguruenik. Irudi hauek hirugarren pertsona batek sortuak izan badira eta Creative Commons lizentzia badute, lizentzia horiek gure web orriaren oinean jartzea nahikoa izango da, egilearen izenarekin batera; horrela, irudiak ez du bere xarma galduko gainean lizentziak biltzen dituen testu edo irudi bat jarrita.

Laburbilduz, gure webgunean mota ezberdinetako edukia txertatu aurretik, guk sortutakoak legea errespetatzen duela ziurtatu beharko dugu, eta hirugarren pertsona batek garatutakoaz baliatu nahi badugu, modu egokian egin beharko da.

No comments:

Post a Comment