Webgune eleanitzen garapena WordPressekin

EGILEA: Oihane Parra Garmendia

Web gune bat sortzerako unean hainbat puntu izan behar dira kontutan. Batetik, erabiliko den garapen tresna zein izango den; adibidez, erabilienetako bat: WordPress. Baina horrekin ez da nahikoa. Web gune berriak zein ezaugarri izango dituen pentsatu beharko da hau sortu aurretik. Adibidez, bisitari posibleak zeintzuk izango diren jakin beharko dugu, weba hauei zuzenduta egongo baita.

Bisitarien ezaugarri garrantzitsuenen artean, seguruenik, beraien hizkuntza gaitasunak egongo dira. Horregatik, baliteke hizkuntz aniztasuna beharrezkoa izatea sortutako edukia erakusteko garaian, gutxienez hiztun gehien dituzten hizkuntzak erabiliz, hala nola, ingelesa.

Honetarako aukera ezin hobea izan daiteke hizkuntza desberdinak erabili ahal izateko plugin bat instalatzea, baina ez da nahikoa izango WordPress ohiko moduan erabiltzea, ezingo baita plugin hortaz baliatu. Beste batzuen artean, Hostinger web ostalariaren laguntzarekin arazo horri aurre egin dakioke, bertan WordPress instalatuz. Behin konfiguratuta, web ostalariaz ahaztu gaitezke, ohiko moduan erabiliko baita garapen tresna.

Hala ere, prozesu honetan arazoak izatea ez litzateke guztiz arraroa izango. Hostingerren WordPress edo beste tresna bat instalatu nahi bada eta errore mezu batek zerbitzaria erori dela badio, baliteke, aurretik sortutako beste domeinu bat erabiltzea izatea arazo horri aurre egiteko modu eraginkor bakarra, berria sortuta berdina gertatzeko aukerak baitaude, eta denbora asko galdu daiteke arazoari konponbidea bilatzen.

Pauso hori bete ondoren, web gunearen garapena etorriko da, eta aurretik aipatu bezala, hizkuntza ezberdinak erabiltzeko plugin bat eskuratu daiteke. Plugin honek itzulpen automatikoak egiteko aukera eskainiko du, baina egindako itzulpenak ez dira oso fidagarriak suertatuko; nahitaezkoa izango da itzulpen hauek errepasatu eta zuzentzea bisitariei web txukun bat eskaini nahi badiegu. Gainera, hala nahi bada behintzat, itzulpen hauen zuzenketa publikoki egitea ahalbidetu daiteke; hau da, gure weba bisitatzen duen edonork kolaboratu dezake lan horretan.

Itzulpen automatikoaz baliatzeko, lehenengo edukia zein hizkuntzatan sortuko dugun pentsatu beharko dugu; hau da, guk zein hizkuntzatan idatziko dugun, ondoren automatikoki itzulia izan dadin. Ziur aski, arrakasta handiena hizkuntza hau ingelesa bada lortuko dugu, itzulpen automatiko garatuenak burutuko baititu, baina akatsak egongo dira hala ere. Euskera aukeratzen badugu, berriz, itzulpenak are eta okerragoak izango dira.

Beraz, weba garatzen hasi aurretik, alferrikako lana egin nahi ez badugu, zer eta nola egin pentsatu beharko dugu.

No comments:

Post a Comment