Teamgantt-en erabilera ekipo bat zuzentzeko

EGILEA: Markel Sanz

Proiektu baten plangintza burokrazia hutsa bihur daiteke, era desegokian egina badago. Testu gehiegi sartzeak plangintza aspergarria edo irakurtzeko zaila izatea sor dezake. Hor sartzen da Teamgantt. Online aplikazio honek, gantt diagramak era bisual batean sortzeko aukera eskaintzen du, eta ekipo bat zuzentzeko laguntza ikaragarria da.

Nire ustez edozein zuzendariri erabilgarri izan dakioke tresna honen erabilera, erabiltzeko duen erraztasunagatik eta eskaintzen duen argitasunagatik. Hasteko, zuzendariak egin behar duena diagrama sortzea da. Horretarako lan paketeak eta atazak sortu behar ditu, eta haien hasiera eta amaiera datak estimatu, grafikoan adieraziz. Ondoren, taldekideei atazak esleitu behar dizkie, hauek jakin dezaten zein ataza dagokion bakoitzari. Honela, proiektu bateko lan guztia banatuta egongo da taldekideen artean, eta guztiak lan egiten has daitezke.

Ataza bakoitza taldekide bati esleitua izateak, eta epeak markatuta izatea hasieratik, bai zuzendariari eta baita taldekideei haien lana planifikatzen lagunduko die. Hasieran zein ataza egin behar duen bakoitzak argi egongo da, eta lana era eraginkorrean egiten hasi daiteke bakoitza. Bakoitzak bere atazak ikusiko ditu era bisual batean, eta lana noiz egin behar duen eta noiz bukatuko duen ikusiko du. Honela, egunero jakingo du zein ataza dituen egiteko, zuzendariari galdetzeko beharrik gabe. Gainera, taldekide bakoitzari egunero email bat bidaltzeko aukera ematen du Teamganttek, norbaitek gogorarazteko beharrik badu, edo epostan informazioa jasotzea nahiago badu, webgunera sartu beharrik gabe. Beraz, edonola ere, egin beharrekoa zer den ez jakitea ezinezkoa izango da.

Ataza bakoitza zein ehunekotan dagoen amaituta ere aldatzeko aukera ematen du tresnak. Beraz, taldekide bakoitzak, ataza bat lantzen duen heinean, ehunekoa alda dezake. Honek zuzendariari informazio erabilgarria ematen dio. Momenturo jakin dezake nola doan lanarekin taldekide bakoitza, eta jarraipena burutzeko, eta aldaketen kudeaketa burutzeko asko laguntzen du. Adibidez, atzerapenen bat gertatzen bada, ataza bat atzeratuta doalako, edo norbaiti lana pilatu bazaio, zuzendariak edo jarraipen arduradunak hori erraz antzemango du, eta atazak beresleitu ditzake, lana berriro orekatzeko.

Beraz, lanaren planifikazioa era bisual batean taldekideek ikusteko, eta egin beharrekoak zein diren argi izateko, talde guztiei erabilgarri izango zaie Teamgantt erabiltzea. Gainera, era erabilgarrian erabiltzen bada, zuzendariari asko lagunduko dio jarraipenarekin. Halaber, arrisku bezala esan daiteke tramite edo burokrazia hutsa bihurtzen bada, ez dela hain baliagarria. Beraz, taldekide guztiak era egokian erabiltzen badute, eta zuzendariak ongi planifikatzen badu lana, eta atazak ongi esleitzen baditu taldekideen artean, oso erabilgarria izango da. Nik edozein zuzendariri gomendatuko nioke Teamgantt erabiltzea.

1 comment:

  1. Interesgarria. Nire hurrengo proiektuetan probatzeko begiradatxo bat emango nioke. Beste software asko daude tresna hau bezalakoak. Adibz: Wrike Sponsored, Asana...

    ReplyDelete