EGILEA: Beñat Azpiazu
Proiektu gehienetan hainbat interesatu kudeatu behar dira, eta proiektua arrakastara iristeko beharrezkoa izaten da proiektuan parte hartuko duen lan taldea ondo kudeatzea. Askotan, zuzendariek beraien lana aurrera eramaterako orduan, arazo handienetarikoa beste lankideekin duten erlazioa kudeatzea izaten da. Oreka bat bilatu behar da pertsona horrekin duzun laguntasuna eta zure postuak eskatzen duen lidergo erlazioaren artean, zuzendariaren ardura delako lan taldeak jokaera etiko eta profesionala izatea.
Lidergoan dagoen pertsonak zerotik hasten bada bere lan taldearekin, hau da, ez baditu ezagutzen, bakarrik lidergoak ematen duen autoritate hori izango du. Lankideekin duen erlazioa hobetzeko, oso garrantzitsua izango da zuzendaria haiengana hurbiltzea, eta ez bakarrik beraiek langile moduan ikustea, baizik eta pertsona moduan, bere motibazioa eta helburuak ezagutzeko. Lankideei buruz lortuko dituen datu horiek oso baliotsuak izango dira baita ere proiektuaren plangintza egiterako orduan, helburuen arabera atazen banaketa egiteko.
Zuzendariak lortzen dituen emaitzak ere garrantzi handia izango dute erlazio hau hobera joan dadin, bere lanean jarri dezaketen konfiantza handitzen joan bait daiteke. Aurrekoarekin lotuta, errespetua irabazteko garaian, zuzendariak ezin du askotan huts egin, eta huts egiten duenean, baliotsua izango da zein den huts egite horri ematen dion erantzuna, taldeak zuzendariak izandako jarrera edukiko duelako antzeko egoera batean. Lankideen konfiantza irabazi ahal izateko, momentu kritikoetan lankideei leialtasuna adieraztea garrantzitsua izango da. Momentu kritiko bat, adibidez, “marroi” baten ardura zure gain hartzea, eta taldea agerian ez uztea izan daiteke, edo helburu pertsonal bati uko egiten dionean taldearen onurari begira.
Bestalde, lankidea zuzendariaren lagun zirkulu barruan badago, gauzak asko aldatzen dira. Suposatzen da, laguntasunak konfiantza eta leialtasuna inplizituki dituela. Egia da, askotan lan erlazio bat izateko gehiegizko konfiantza bat existitu daitekeela, eta mugak jarri behar direla. Muga hau jartzen ez bada, beraien arteko lan erlazioa asko alda daiteke, edo hauek besteekiko duten erlazioa. Zuzendariak beste lankideekin duen erlazioak mugatuko du bere lagunarekin izango duen erlazioa. Bai zuzendariak bai langileak bere rola zein den ezagutzea oso garrantzitsua izango da kasu hauetan. Zuzendariak beti bere lekuan egoten saiatu behar du, hau da, beti bere arduraduna dela kontuan hartu behar du, baina lankidearen izaera onartuz. Lankideak gardentasunez jokatu behar du, zalantzak ez ezkutatu, eta zuzendaria bere nagusi bezala tratatu, beti ere den bezalakoari utzi gabe.
No comments:
Post a Comment