Irakasgai honetan beharrazkoa da lanak proiektuan egitea. Prozesu horretan, ezinbestekoa da taldekideen artean rolak banatzea. Hasierako faseetan taldeak txikiagoak direnean, agian 3 edo 4 rol baino ez daude (Zuzendaria, Idazkaria, Koordinatzailea eta Komunikatzailea), baina azken faseetara iristean, 7 edo 8 rol izatera irits daiteke. Rol horiek guztiak banatzea lan handia da, are gehiago taldekideak aldez aurretik ezagutzen ez badituzu.
Edozeinek pentsa dezake biderik errazena rolak ausaz banatzea dela. Zergatik galdu denbora minutu batean egin daitekeen gauza batekin? Azken finean, denok egingo dugu lan, ezta? Nire esperientzia pertsonalean oinarrituta, argi esan dezaket: nahiz eta hasieran buruhausteak aurreztu, proiektuak aurrera egin ahala arazoak biderkatu egingo dira.
Zein da arazoa rolak ausaz banatzean?
Pertsona bakoitza mundu bat da, eta askotan, taldekideen helburuak ez datoz bat. Adibidez: demagun batek lan ahalik eta gutxien egin nahi duela, eta besteak, berriz, emaitza ezin hobea lortu nahi duela, horretarako ordu gehiago sartu behar badira ere.
Imajinatu lan gutxi egin nahi duenari Zuzendari izatea tokatzen zaiola ausaz. Zuzendariaren inplikazioa ezinbestekoa da, zuzendaria ez badago inplikatuta, proiektua erabat konplikatzen da. Ondorioz, beste taldekideek lan gehiago egin beharko dute, eta askotan, ezinegona eta giro txarra sortuko dira taldean.
Beraz, rolak banatzeko momentuan oso garrantzitsua da bakoitzaren helburuak eta nortasuna kontuan hartzea.
Zein rol egokitzen zaio ondoen zure nortasunari?
Lehenengo pausoa rol bakoitzaren atzean zer dagoen ulertzea da. Askotan, rol-ak banatzen hasten garenean, ez dakigu bakoitzak zehazki zer egin beharko duen. Horregatik, taldekide bakoitzari bere tokia aurkitzen laguntzeko, hona hemen rol bakoitzaren ezaugarri eta eskakizun nagusiak:
- Zuzendaria: Epe-mugak (deadlines) argi izan behar ditu eta proiektuaren egoera ezagutu behar du uneoro. Lan dezente egiteko prest egon behar du. Pertsona langilea izan behar da, beti besteei laguntzeko prest dagoena.
- Zuzendariordea: Ataza gehienetan parte hartzen du eta beti laguntzeko prest egon behar du. Proiektuaren nondik norako guztiak jakin behar ditu, Zuzendaria falta den uneetan haren lekua hartu ahal izateko.
- Jarraipen eta Kontrolaren Arduraduna: Ezinbestekoa da lanak azken unerako uzten ez dituen pertsona bat izatea. Ematen ez duen arren, JetaK txostenek denbora asko eskatzen dute. Azkenerako uzten badira, arazoak ziurtatuta daude.
- Produktuaren Arduraduna: Eskakizunak zein diren ezin hobeto jakin behar du. Azken helburua produktu ona entregatzea denez, ez du beldurrik izan behar gainerako kideei laguntza eskatzeko. Txostenak primeran egoteak ez du ezertarako balio produktua bera gaizki badago.
- Idazkaria: Bileretako aktak idazteaz eta txostenen idazketan laguntzeaz arduratzen da. Ez gara ari "letra polita" edukitzeaz, baizik eta egindakoa argi eta ondo azaltzeko eta sintetizatzeko gaitasuna izateaz.
- Kalitate Arduraduna: Produktuen kalitatea aldizka neurtuko du. Garrantzitsua da Produktuaren Arduradunarekin ondo konpontzea eta, kalitate-kontrolak azkar egiten badira, izaera proaktiboa izatea gainerako atazetan laguntzeko.
- Eskuraketen Arduraduna: Pertsona irekia, komunikatiboa eta beste taldeetako jendea ezagutzen duena izan beharko litzateke. Materialak azkar lortzen baditu, taldea azkarrago hasiko da lanean. Kalitate Arduraduna bezala, proaktiboa izan behar du denbora sobera badu.
- Komunikatzailea: Edozeinek egin dezakeela dirudi, baina oso rol kritikoa da. Hiru gauza behar ditu:
- Gauzak argi azaltzeko eta bezeroari galderak modu ulerterrazean egiteko gaitasuna (gaizki-ulertuek denbora galarazten dute).
- Pazientzia, komunikazioa ez baita beti erraza izaten.
- Arintasuna, zerbait galdetu behar denean, berehala idazteko prestutasuna.
Nire esperientzia: Ausaz egitearen arriskuak
Gure taldearen kasuan, adibidez, Komunikazioan eta Jarraipen eta Kontrolean izan genituen arazo handienak. Hasieran gure komunikazioak ez ziren onak, Komunikatzaileak pazientzia galdu zuen eta askotan saihestu nahi izaten zuen bezeroari idaztea. Bestalde, JetaK arduradunak azken unerako utzi zuen bere lana; hirugarren fasean bi txosten egin behar genituen presaka, eta arazoak izan genituen tauletako denborekin. Azkenik, Produktuaren Arduradunak eskakizun bat ahaztu zuen eta egin gabe geratu zen.
No comments:
Post a Comment