Lanaren banketa adostua


EGILEA: Ander Madinabeitia

Lanaren banaketa zuzen bat egitea ez da erraza. Orokorrean beti daude lan errazago edo zailagoak, gehiago edo gutxiago gustatzen zaizkigunak, hobeto edota okerrago ematen zaizkigunak, horren arabera lanean inbertituko dugun denbora desberdina izango da. Hori gutxi ez balitz, taldean giro ona izateko lan desorekarik ez izatea komeni da, honek gatazkak sor baititzake taldean, taldekideen artean eta zuzendariarekin.


Zuzendariak banaketa egin aurretik taldekideak ezagutu behar ditu, beraz, taldekide bakoitza aurkeztea eta gustuko dituen atazak aipatzea, taldeari hasiera emateko modu egoki bat da. Honek zuzendariari taldekideak ezagutu eta rol banaketa egiteko zer pentsa emango dio.

Zuzendariak ezin du taldeari aipatu gabe lan banaketa bezalako erabaki garrantzitsu bat hartu. Beraz, taldekideen aurkezpenaren ondoren zuzendariak ideiak antolatu eta taldeari proposamen bat egin behar dio. Baliteke taldeak proposamena gustuko ez izatea. Horrela bada, zuzendariak beste antolaketa bat proposatu lezake, taldekide guztien oniritzia ezinbestekoa taldearen funtzionamendu onerako.

Taldearen lan banaketan taldekide bati esleitu zaion rola gustatu ez bazaio, horren arrazoiak zein diren kontuan hartu behar dira. Horretarako zuzendariaren eta taldekidearen artean hizketaldi bat egin behar da arazoaren erroa zein den identifikatzeko. Elkarrizketa honek, batetik taldekidea konbentzitzen lagundu dezake eta ondorioz, lanaren banaketaren arazoa konpondu. Eta bestetik, azaldutako lan banaketa ez gustatzearen arrazoiak zein diren identifikatuz proposamen egokiago bat egiten lagundu dezake. Aldi berean, zuzendariak taldekidearen arrazoiak pisuzkoak ez direla uste badu, proposatutako lan banaketarekin jarraitu ahal izango du. Arrazoi pisutsuen identifikazioak beste ikasitako lekzio baterako emango luke.

Esan bezala, batzuetan ez da posible izaten taldekide guztiak lan banaketarekin gustura geratzea. Kasu horietan, lan kargaren banaketarekin ere joka daiteke, hau da, banaketa egiteko garaian rolekiko preferentziaz gain inbertitu beharreko esfortzua kontuan hartu eta banaketa justuago bat egin, beti ere oreka bat mantenduz. Adibidez, gustukoa duen rol bat tokatu zaion taldekideari gutxiago kostatuko zaio proiektuan ordu kantitate altu bat eskaintzea, bere rola gustuko ez duen taldekide bati baino.

Proiektuan zehar, periodikoki zuzendariak partaideen ataza bakoitzaren egoeraren berri emango dion azterketa bat egin beharko du. Azterketa honek partaide bakoitzaren lanarekin dituen erraztasunak, denborak, zailtasunak, etab. kontrolatuko ditu. Kasu bereziren batean birplanteamendu bat ere egin daiteke geratzen diren atazekin, beti ere aurreko planteamendua eta ordurarteko lanak kontuan hartuta. Honek taldekideen arteko oreka bermatuko luke.

Bukatzeko, planteamendu honek funtzionatu dezan ezinbestekoa da taldekideek Kodigo etikoa errespetatzea. Kontrako kasuan lan banaketa hoberena eginda ere taldeak ez luke funtzionatuko.

No comments:

Post a Comment