Nor gara, non gaude, zer nahi dugu

EGILEA: Jon Legarda
Proiektu bati hasiera ona emateko gure kokapenaz jabetzea ezinbestekoa da. Askotan gertatzen zaigu unibertsitateko irakasgai batean proiektu, lan edo entrega bat dugula etorkizun hurbilean gauzatu beharrekoa eta benetan ez dakigu zer egin behar den. Askotan gertatzen zaigu irakaslearen azalpenak hamaika aldiz entzunda ere ez jakitea zer egin, ezta nondik hasi ere. Horri ikasleok ematen diogun lehenengo soluzioa erreza da: denbora pasatzen utzi, momenturen batean inspirazio aparta helduko zaigulakoan… Inspirazio hura ez da, noski, inoiz heltzen eta azkenean estu ta larri ibiltzen gara mugarria baino egun gutxi lehenago.
Hori ez gertatzeko eta proiektu bateko ikuspegi guztiak ahalik eta hobekien identifikatzeko hurrengo lerroetan hainbat gomendio emango dira. Horretarako badaude ardatz moduan hartu beharreko hiru galdera. Horietaz jabetu gabe proiektua ez doa inora… edo akaso bai: porrotera.
Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu nor garen. “Nor” garen esaten dudanean pertsonari egiten diot erreferentzia, taldeari. Proiektuaren kideetaz ari naiz. Askotan bakarkako proiektu bat bidaltzen dizute: ongi, zu zeu zara taldea. Beste askotan, ordea, hainbat pertsonetako taldetan tokatzen zaigu lan egitea. “Nor garen” galdera planteatu eta argi eduki taldeko kideak ezagutu behar dira. Zenbat eta zure kideetaz gehiago jakin, orduan eta hobeto, dudarik gabe. Taldekideak ezagutu behar dituzu bakoitzaren puntu indartsuak eta puntu ahulak ezagutzeko eta kontuan hartzeko, zentzu guztietan. Hori da enpresa profesional baten pertsonala egituratzeko oinarria.
Hori hobeto ulertzeko adibide bat emango dugu. Imajina dezagun enpresa normal batean hiru langile ditugula: zuzendaritzan graduatutako bat, informatikari bat eta ingeniari elektroniko bat. Bezero batek eskatu digu robot berezi bat egitea. Normala litzateke programa zuzendariak idaztea, robota informatikariak diseinatzea eta ingeniari elektroniko enpresaren kudeaketaz arduratzea? Ez dirudi oso logikoa ezta? Normalena izango litzateke zuzendari lanetan zuzendaria egotea, programa informatikariak idaztea eta robotak ingeniari elektronikoak diseinatzea. Gure proiektuetan berdin-berdina gertatzen da. Hitz egin zure taldekideekin eta bakoitzak ozen esan dezala zertan den trebea. Esperientziak erakutsiko dizu zenbat eta giza-kudeaketa hobea, orduan eta proiektu hobeak egingo dituzula. Proiektu bat aurrera ateratzeko, taldeko kide guztiak norabide berean bultzatu behar dute.
Bigarrenik, non gauden zehaztu behar dugu. Kasu honetan ez nago kokaleku fisiko bati buruz hitz egiten. Hori baino kokaleku orokorrago bati buruz ari naiz. Testu honen hasieran aipatu dugu proiektu baten aurrean gerta dakigukeen oso egoera arrunta: zer egin behar den inondik ere ez jakitea. Hori izan daiteke seguraski idazle batek liburu bat idaztera jartzen denean “paper txuriaren” sintoma, ez dakienean nola hasi eta zer idatzi. Horretarako galdetu bezeroari (edo irakasleari) beharrezkoak diren galdera guztiak. Jakin behar duzu zehazki zer egin behar duzun, hori egiteko eta ez beste ezer. Pentsa ezazu lan-munduan bezero batek proiektu bat enkargatu eta zuk eskatu ez duen zerbait egiten duzula…akabo zure enpresarentzat. Antzeko gauza bat gertatzen da ikasle zarenean eta irakasleak eskatu ez duen zerbait egiten duzunean. Zorionez bigarren kasu horretan ez duzu dirurik galduko, bai, ordea, denbora…eta ikasle batentzat denbora preziatua den altxorra da.
Ondorioz, galdetu, galdetu eta galdetu. Oso garrantzitsua da jakitea zehazki zer egin behar den zehazki eta buruan eskema mental bat egitea horrekin. Zer egin ez dakizunean aldiro aldiro inprobisatu beharko duzu, eta hori rapzaleoi asko gustatzen zaigu, unibertsitateko karrera bat aurrera atera nahi duenari, aldiz, ez dio batere mesederik egiten. Nire aburuz, proiektu baten aurrean egin beharrekoak argi izateak bidearen %50a egina egotea suposatzen du. Buruan egin ezazu egin behar duzunaren eskema mentala (idazten baduzu ere primeran) jakiteko eman beharreko urratsak. Izan zure burua antolatuta.
Hirugarrenez, zer nahi dugu. Kontzeptu gisa hartuta, oso zabala izan daiteke. Saku horretan sartzen ditugu horrelako galderak: zer nahi du bezeroak, proiektuaren gorputza zein da etab. Kasu honetan, ez naiz horretaz solasean ari. Pertsona bakoitzak helburu batzuk ditu eta helburu horietara atxikituta egiten du lan. Ikasle bat enpresa batean praktiketan hasten denean zer nahi du? Ikasi, epe motz batean diru pixka bat irabazi, enpresa horretan postua lortu, denbora pasa, enpresa bat lan egitea zer den probatu? Milaka ikuspegitatik begira daiteke galdera hura. Baita beste testuinguru bateko galderak ere. Noski, unibertsitateko proiektu baten garapenean ere. Ikasleak notarik altuena atera nahi du? Ikasleak justu-justu aprobatzearekin nahikoa du?
Talde handi batean kide ugari daude eta ziurtasun osoz esango genuke bakoitzak helburu desberdina duela. Horrek eragiten duena da lan-taldeko lan-gogoen desoreka. Batzuk gehiago lan egingo dute beste batzuk baino, bere helburua asko ikastea delako. Besteek, aldiz, nahiko izango dute bere zatia gainetik betetzearekin, kalitate kaxkarragoarekin noski.
Egoera horren aurrean nire gomendioa: taldea osa ezazu zure helburu berdina duenarekin, batez ere ikasteko gogoak eta ahalik eta proiektu osatuen burutu nahi baduzu.
Ondorio gisa hiru idea azpimarratuko nituzke. Batetik, kideak ezagutu haien gaitasun indartsuenak aprobetxatzeko. Bestetik, kokatu proiektuaren hasieratik. Argi eduki zer egin behar duzun eta buruan itsatsi horren eskema mentala. Bukatzeko, proiektuaren garapenean helburu berdina dutenekin bateratu. Azken finean, proiektu bat bizitzaren metafora gisa uler dezakegu; azken batean, bizitza ere hiru gomendio horietan oinarritzen da.

No comments:

Post a Comment