Ikasgaiko proiektuetan zehar, partekatu dugun material oro Creative Commons lizentziapean argitaratzeko eskatu zaigu. Eskakizun honek, proiektuen garapenean hainbat buruhauste ekarri zizkigun; hasiera batean lizentzia ondo ulertu behar izan genuelako, eta behin ulertuta CC lizentziadun materiala (irudiak, bideoak…) bilatu behar izan genuen CC Search, Pexels eta Unsplash bezalako orrietan, bai bideo zein web-orrien edukia osatzeko. Halako bilatzaileak gainontzeko bilatzaileekin (Google esaterako) alderatzen baditugu, nahiko eduki gutxiago daukate, eta honek eragiten du, oro har, garapen-denboraldiak luzeagoak izatea. Hortaz, behar bada Copyright eta Creative Commons lizentziak sakon aztertzen (eta ulertzen) baditugu, gure lanetako eduki-bilaketa (eta hortaz, garapen denboraldiak) asko azkartzea da gerta daitekeena.
Copyright edo egile eskubideak 1710 urtean agertu ziren lehenengo aldiz Britainia Handian, egileei bere obra edo lanen eskubideak aitortzeko, eta lan horien kopia posibleak saihesteko. Hainbat mende pasa dira legedi hori sortu zenetik, eta gizartea nahiko aldatu egin da, batez ere internetaren azken urteotako zabaltzearekin. Jakin badakigu, gaur egungo sarean argazki -zein bideoak- partekatzeko (eta berrerabiltzeko) joera oso handia dela, eta Estatu Batuetako talde batek Copyright legea osatzeko behar bat ikusi zuen, Creative Commons lizentziak sortuz. Lizentzia hauei esker, egilearen erabakia izango zen zein eskubide gordetzen dituen berarentzat, eta zeintzuk salbuesten zituen beste sortzaileen onurarako. Hortaz, beharrezkoa da argi geratzea CC eta Copyright lizentziak ez direla lizentzia kontrajarriak, baizik eta batak bestea osatzen duela.
Hemen sartzen da jokoan “fair use”: Fair use edo zentzuzko erabilera Copyright legearen salbuespen bat da, zeinek Copyright-dun gaineko materialaren erabilera mugatua baimentzen duen, egilearen baimena eskuratzeko beharrik izan gabe, non eta erabilera horrek baldintza batzuk betetzen dituen. Fair use diren eta fair use ez diren erabileren muga ez dago oso argi, soilik epaile batek erabaki baitezake erabilera bat zuzena den edo ez. Honen ondorioz, nahiz eta zuk esan zerbait fair use dela, egileari kreditua eman, eta gainera “no infringement intended” bezalako abisuak jarri, ez du esan nahi legearen aurrean babestuta zaudenik.
Zure lanetan Copyright-dun materiala erabili nahi izanez gero, eta mailegu hori zilegizkoa (hau da, fair use) izatea nahi baduzu, honako erabilera okerrak saihestea da garrantzitsua:
- Zure lana beste norbaitenaren kopia hutsa izatea (ezer gehitu gabe)
- Zure lanaren helburua onura kapitala izatea
- Zure lanak Material kantitate handia mailegatzea
- Bideoaren (edo lanaren) eduki nagusia mailegatutako edukia izatea
- Zure maileguak egile originalari bere lanarekin dirua irabazteko aukera gaitzeztea
Azken urteotan hainbat bideo-plataformetan (esaterako, YouTube), pentsatu izan da denbora-tarte maximo bat zegoela beste norbaiten materiala erabiltzeko bere baimenik behar izan gabe. Modu honetan, nahi adina Copyright bideo, irudi zein abesti erabiliz zure bideoetan egile originalei inongo krediturik eman gabe (non eta denbora-tarte hori gainditzen ez zenuen erabilitako bideo, abesti edo irudi bakoitzeko).
Legearen aurrean hori ez da horrela, eta beste norbaitek sortutako Copyright materiala erabili nahi izanez gero, egile originalari kreditua eman behar diozu, eta goian aipatutako erabilera okerrak ekidin, zuk sortutako lana zilegizkoa izatea nahi baduzu, behintzat.
Honek azken konklusiora eramaten gaitu: lan berri bat sortzeko beste norbaiten materiala erabiltzeko beharra baldin baduzu, saiatu zaitez Creative Commons lizentziadun edukia bilatzen, eta hauek eskatzen dituzten akreditazioak egoki ematen. Ez baduzu ezer aurkitzen edo oso beharrezkoa baduzu Copyright edukiren bat erabiltzea (eta zureari benetako balioa gehitzen badio), saiatu erabilera zuzeneko baldintzetara moldatzen.
Informazio iturriak / informazio gehigarria:
https://creativecommons.org/get-cc-savvy/copyright-creativecommons-are-friends/
https://www.youtube.com/about/copyright/fair-use/#yt-copyright-four-factors
https://www.zdnet.com/article/the-students-guide-to-creative-commons-fair-use/
https://www.youtube.com/watch?v=1PvjRIkwIl8
https://en.wikipedia.org/wiki/History_of_copyright
No comments:
Post a Comment