Doako bideo editoreen aukeraketa

Egilea: Iñigo Auzmendi

Bideoak editatzen esperientzia handirik ez duen pertsona batek normalean ez daki merkatuan zein tresna dauden erabilgarri. Horregatik, ikasitako lezio honetan merkatuan dauden zenbait bideo editore aurkeztuko dira hauen abantaila zein desabantailak aipatuz.


Editore hauek profesionaltasun eta konplexutasunaren arabera maila ezberdinetan sailka daitezke, Hollywood-eko filmetan erabiltzen dituzten software profesionaletatik, sistema eragileak dakarren software sinpleraino. Gainera, hauen prezioa ematen duten emaitzaren araberakoa da, adibidez Sony Vegas bezalako software profesionalaren lizentzia batek 400 euroko kostua du eta OpenShot bezalako software libreak berriz, doakoak dira. Gaur egun merkatuan dauden doako bideo editoreen kalitatea nahiko altua da, beraz lan honetan hauen inguruan hitz egingo da. Baliteke bere ogibide den pertsona batentzako nahikoa ez izatea software komertzialen bat aukeratu behar izatea, baina PK irakasgaiaren proiektu hauen eraketarako beharrezko teknologia guztiak barneratzen dituzte.
Blender: baliteke software hau entzuna izatea 3D animazio eta eszenen sorrerarako tresna gisa fama handia duelako, baina horrez gain, programa honek bideo editore bat ere badauka. Honen erabilera ez da beste kasuetan bezala oso intuitiboa eta horregatik, aurretiko ezagutza bat eskatzen du. MAC, Windows eta Linux-erako dago erabilgarri eta bere orri ofizialetik jaitsi daiteke dohainik.

OpenShot: software nahiko ezaguna, ezagutza librekoa eta doakoa delako. Java-z egina dago eta horrek hainbat arazo dakartza. Proiektuen gordeketak ez du behar bezala funtzionatzen eta askotan audioarekin arazoak ematen ditu. Horrez gain, gorde aurretiko lana ezabatzen duten bat-bateko “crasheoak” nahiko ohikoak dira. Beraz, sistema eragile nagusi guztietarako erabilgarri dagoen arren, arazo asko dituenez, ez da gomendatzen.

ShotCut: software sinplea eta intuitiboa. Oso ondo funtzionatzen du eta bere interfaze sinpleagatik, proiektuetan egin beharrekoetarako tresna erabiltzen ikastea oso erraza da. Horrez gain, editatzeko funtzio asko dauzka, doakoa da eta sistema eragile nagusi guztietarako dago erabilgarri.

Windows Movie Maker: Microsoft Windows-ek dakarren bideo editorea (sistema eragile horren erabiltzaileentzat doakoa). Bere erabilera eta interfazea oso sinplea da. Kasu askotan audio eta bideoen pistak ez dituenez, gauza profesionalagoak egitea asko kostatzen da. Horregatik, proiektu on bat egiteko sinpleegia da eta ez da gomendatzen.

iMovie: MAC sistema eragilearentzat soilik dago erabilgarri eta doakoa da. Bideo editore nahiko ona da, editatzeko teknika asko dakartza (audio eta bideo pistak, animazioak…), IOS sistema eragilearekin lotura handia dauka (iCloud erabili dezake…) eta gainera oso optimizatua dago. Beraz, IOS ingurunean murgilduta daudenentzat baliteke aukera onena izatea.

Wevideo: zerrenda honetako aukera desberdinena da. Ez da softwarerik deskargatu behar bere web orria erabiliz editatzen delako. Oinarrizko bideo editore baten tresna guztiak dauzka, bideoaren renderizazio guztia bere zerbitzarietan egiten delarik eta ez erabiltzailearen ordenagailuan. Hala ere, horrelako tresnen desabantaila nagusia kostua da. Horregatik, bere doako bertsioak muga asko dauzka, horietako batzuk dira: gehienezko erresoluzioa 480p da, bideoaren pisua gehienez 1GB, ur marka ipintzen dio bideoari. Horren ondorioz, ordenagailu oso kaskarra izan edo programak instalatzeko aukerarik ez dagoenean soilik gomendatzen da bere erabilera.


Aipatzekoa da Davinci Resolve 17 softwarea. Doakoa da eta postprodukzio oso profesionala eskaintzen du. Tamalez ez dago listan bere erabilerarako ezagutza eta entrenamendu handia behar delako. Windows, MAC eta Linux-erako dago erabilgarri eta editatze tresnekin esperientzia eta ezagutza maila nahiko handia dutenentzat soilik gomendatzen da.

Laburpen gisa, Windows edo Linux sistema eragilea duten eta bideo editoreen erabileran esperientzia gutxi dutenentzat gomendagarriena ShotCut da. MAC motako ordenagailuen erabiltzaileentzat berriz iMovie erabiltzea gomendatzen da. Bi software horiekin dudarik edota nahasmenik edukita beraien komunitate handia denez, tutorial asko bila daitezke Youtube-n.


Informazio Iturriak:

No comments:

Post a Comment