Egilea: Sara Gracia
Proiektuen Kudeaketaren arloan, jakina da proiektu baten Jarraipen eta Kontrola burutzeko datu bilketa egoki bat egitea ezinbestekoa dela. Izan ere, honek emango die lanaren egoeraren berri zein ekipokide zein gainontzeko interesatuei, proiektuaren bizi-ziklo osoan zehar. Hala ere, askotan, datu horiek alde batera uzten dira, eta proiektu amaierako txostena idatzi arte ez zaie erreparatzen. Neurri handi batean, ekipoko Jarraipen eta Kontrol arduradunaren eginkizuna da datu hauek bildu eta erabilgarri bihurtzea, proiektuak arrakasta izan dezan. Hau dela eta, jarraian, datu hauen garrantziaz ariko naiz, baita berauek proiektuaren garapen osoan zehar izan dezaketen erabileraz.
Hasteko,
ezinbestekoa da ekipokideen arteko datu bilketa homogeneoa izatea.
Hau da, proiektuaren hasiera fasean bilduko diren datuak zeintzuk
izango diren zehaztea, eta ondoren kide guztiek datu berdinak biltzea
(taldekidearen identifikatzailea, burututako atazaren
identifikatzailea, emandako denbora…). Gainera, ekipoaren
jarraipena burutzeko, beharrezkoa da taldekide guztiek edo ekipoko
Jarraipen eta Kontrol arduradunak behintzat uneoro kide guztien
datuetara atzipena izatea.
Datuak
ditugularik, hauek begi bistaz interpretagarri izateko era bilatu
behar da. Kronograma, taula edota grafikoak erabiliz lortu daiteke
hau, adibidez. Baliagarri izan daiteke, esaterako, taldekide
bakoitzak unera arte egindako esfortzua (ordu edo minututan)
adierazten duen taula bat eraikitzea, edota ataza bakoitzari
estimatutako garapen denboraldiak eta errealak alderatzen dituen
grafiko bat sortzea. Hauez gain, proiektuaren plangintzan sortutako
kronograma eta kronograma erreala alderatzea ahalbidetzen duen
grafiko bat eraikitzea ere ideia ona litzateke.
Behin
datuak antolatuta daudela, nola edota zeinekin konpartitu daitezke?
Zein momentutan? Alde batetik, datu hauek oso erabilgarriak izango
dira ekipoaren Jarraipen eta Kontrol bileretan. Bilera hauen
hasieran, ideia ona litzateke Jarraipen eta Kontrol arduradunak 5-10
minutu hartzea bildutako datuetatik eta hauetatik abiatuta sortutako
euskarrietatik ateratako ondorioak azaltzeko. Honela, bilerako
partaide guztiek proiektuaren garapenaren “argazki” zehatz bat
izango lukete. Emandako informaziotik abiatuta, proiektuaren
birplangintza bat burutzea erabaki daiteke hala behar bada, edota
unekoarekin jarraitzea adostu.
Bestetik,
ohikoa izaten da bezeroak proiektuaren garapenari buruzko informazioa
eskatzea, bezeroa baita proiektuak arrakasta izatean interes handiena
duen interesatuetako bat. Beraz, sortutako taula zein grafikoak
txosten batean bilduta eta beharrezko azalpenak emanda, bezeroaren
nahi hau aseko genuke, era oso dotorean gainera.
Azkenik,
sortutako baliabide hauek proiektu amaierako txostenean txerta
daitezke, garapen osoaren irudi oso garbia eskaintzen baitute.
Proiektu osoan zehar baliabide hauek eguneratuta eramanda, txosten
hau idaztean aparteko esfortzurik gabe Jarraipen eta Kontrolari
buruzko atala ia osatuta izango genuke. Hau borobiltzeko, ideia ona
litzateke grafikoei buruzko azalpenak txertatzea, plangintzarekiko
desbiderapen nagusien arrazoiak azalduz, esaterako.
Laburbilduz,
datu bilketa egoki bat egitea eta hauek manipulatu eta baliabide
grafikoak sortzea oso lagungarria da proiektu guztietan, batez ere
ekipokide asko dauden kasuetan, proiektuaren bizi-ziklo osoan zehar
erabilgarriak baitira. Beraz, ez utzi datu horiek hautsa hartzen, eta
atera ahalik eta zuku gehiena!
No comments:
Post a Comment