Egilea: Aimar Zabala
Kalibre handiko proiektuen garapenak denbora tarte aipagarrian luza daitezke. Hori dela eta, oso garrantzitsua da denbora aurrezteko teknikak jakitea eta haiei probetxua ateratzea. Askotan aipatzen dira proiektu bateko nahiz eguneroko bizitzako zereginak ahalik eta modu eraginkorrenean planifikatzeko gomendioak, baina Ikasitako Lezio hau ez doa ildo horretatik. Lezio hau momentu kritikoak identifikatzean eta haiei ahalik eta probetxu handiena ateratzean datza, bukaeran denbora kostu murrizte bat lortzeko xedearekin.
“Gero gerokoak” oso ezaguna den esamolde bat da,
bereziki gazteek baliatzen dutena. Hitz hauen bidez esan nahi da kokatzen garen
momentuan ez garela arduratu beharrik etorkizuneko kontuetaz. Proiektuen
garapenarekin lotuko bagenu, esan genezake epe laburrean amaitu behar diren
zereginak dutela lehentasuna, eta etorkizuneko lanei erreparatzeko unea behar
den garaian iritsiko dela. Nahiz eta fokua hurbileko eginbeharrei ipintzea ongi
dagoen, bestelakoei uko egitea ez da batere praktika ona. Adibide erreal
batekin garbiago geratuko da:
Demagun bezero batek webgune bat garatzea eskatu
digula, eta webgunean lantzen den gaiari buruzko esteken atal bat nahi duela,
URL bakoitzaren ezaugarri batzuk azalduz (konplexutasuna, irakurtzeko
denboraren estimazioa, laburpena…). Ezer inplementatzen hasi baino lehen,
informazio osagarrien esteken zerrenda bat osatu behar genuke, bezeroari
bidaltzeko eta honen oniritzia jasotzeko. Noski, esteken hautaketa ez dugu
ausaz egingo. Lehenago irakurri eta errebisatu egingo ditugu, egokiak direla
ikusteko. Normalean bezeroak egun batzuk beharko ditu gure proposamenari
erantzuteko, eta oniritzia jaso ondoren, produktuko atal hori garatzen hasi
gintezke. Baina esan bezala, bezeroak webgunean esteken xehetasunak azaltzea
nahi du, eta horiek zehaztu ahal izateko, sakontze materialak berriz ere
irakurri beharko ditugu.
Hortaz, adibide horren bidez ikus daiteke lana
errepikatzen ariko ginela, denbora galtze bat suposatuz. Lehenik, hasierako
zerrenda proposamena garatu ahal izateko estekak errebisatu behar izan ditugu,
baina hortik egun batzuetara, produktuan esteken xehetasunak zehaztu ahal
izateko berriz ere begiratu behar dira. Aldiz, URLak lehenengo aldiz
errebisatzeko unea baliatu izan bagenu etorkizuneko zereginak betetzeko, denbora
aurrezte nabaria suposatuko luke. Hau da, proposamen zerrenda biltzen ari garen
bitartean zehaztasun guztiak ere analizatu eta gehitu ditzakegu. Gainera,
bigarren ataza egin ahal izateko egun batzuk itxaro ezean, estekak fresko
izango ditugu eta lan eraginkorragoa egingo dugu. Horrez gain, adibide konkretu
honetan bezeroak ahalik eta xehetasun gehien izatea ere eskertuko luke.
Laburbilduz, proiektuak garatzerakoan ez izan
kontrolpean soilik gertuko edo epe laburreko eginbeharrak, aztertu ere urrunago
geratzen direnak. Beraz, komenigarria da proiektuaren plangintzan horrelakoak
identifikatzea eta markatzea. Eta behar den momentuan eta egokiak diren
zereginetan, aplikatu hemen proposatzen den esamolde berria: “orain gerokoak”.
No comments:
Post a Comment