Egilea: Aitor Arzalluz
Askotan, nekeak edo gogo faltak eraginda lana alde batera utzi eta aisiko beste edozein ekintzetan aritzea erabakitzen dugu. Nahita egiten ez badugu ere, gure buruak horren nekezak ez diren jardueretara bideratzen gaitu, epe laburrerako gure onura lehenetsiz, gerora pairatuko ditugun ondorioei garratziarik eman gabe. Lanerako motibazioa ez da zer edo zer zerutik etorriko dena, guk geuk behartu behar dugu geure burua lanari ekitera.
Lehenik eta behin: Zer da motibazioa? Motibazioa zer edo zer hastera, aurrera eramatera edota amaitzera bultzatzen gaituen indar abstraktua da. Pertsona bakoitzaren araberakoa da, jarduera berdinek ez baitute denongan interes bera pizten. Sentipen honek oztopoak aurkitu arren jarraitzera bultzatzen gaitu. Hala eta guztiz ere, bapatekoan desagertu daiteke, gogo falta eta prokrastinazioa ekarriz. Zenbaitetan gure interesak, denboraren poderioz, aldatzea ez da gertaera intrintsekoki txarra, pertsona gisa eboluzionatu egiten baitugu. Arazoa epemuga zehatz bat duen eginbehar batekiko motibazioa galtzen dugunean sortzen da.
Entregagai bat amaierarako uzteak zenbait arazo sortzen ditu:
- Lehenik, estres arazoak sortzen ditu. Bestelako atazak betetzerakoan, bai gure aisian eta baita gure lanean ere, amaitzeke dugun lan horretan pentsatzen jarriko gara halabeharrez. Ezingo dugu gure %100a eman ariketa bat burutzerakoan; horrenbestez, beste lan batzuetan ere atzerapena gertatuko da.
- Bigarrenik, lanak pilatzea ekartzen du. Posible da hain bat atazen entregak antzeko epeetan izatea, eta bat bera ere ez badugu aurreratu, arazoak izango ditugu epeak betetzeko. Arazo hau larriagoa bilakatzen da bi entrega edo gehiagoren epea berdina denean, azken orduetan ezinezkoa izango baita hainbat lan aurrera ateratzea.
- Hirugarrenik, taldekideen haserrea ekartzen du. Talde-lanetan beste kideengan ere pentsatu behar dugu. Guri esleitutako zatiak ez baditugu egiten prozesu guztia atzeratuko dugu, eta ez gaudenez bakarrik, besteen lanak ere berandutzea eragiten dugu.
- Azkenik, emaitzen kalitatea jaistea. Jakina da, lan bati eskainitako denbora, eta denbora horren kalitateak eragin zuzena dutela aurkeztuko denaren nolakotasunean. Azken egunean, ordu gutxi falta direnean, entregagaiaren erdia oraindik amaitzeke badugu, nekez espero genezake gure kalitatea ona izatea.
Ez dut uste inorrek aurretik aipatutako arazo bat bera ere pairatu nahi duenik; hortaz, hona hemen halabeharrez lana egin behar dugunerako hainbat proposamen:
- Errutina. Egunero ordu zehatz batzuk zehaztea lan egiteko. Errepikapenak, lan egitea, ohitura bilakatzen du. Gomendagarria da egunetik egunera zehaztutako lanorduak mantentzea eta ordutegia egonkorra izatea. Lagungarria izan daiteke ere lan egiteko tokia finkoa izatea. Zenbat eta egonkorragoa lan egiteko ohitura, orduan eta errazagoa izango da zereginari ekitea.
- Lanaren plangintza. Bete beharreko lanak aurrerapenarekin planteatu eta mentalizatzeak, unea iritsitakoan lanari ekitea eragiten du. Posible da egun batzuen plangintza egitea ia ezinezkoa izatea; dena den, aurretik jakitea zenbat ordu eskaini ditzakezun, eta pentsatuta eramatea zer egin behar dituzun, lanari amaiera emateko gura aktibatu dezake.
- Behingoz hastea zuzenean (askotan eraginkorrena). Kasu batzuetan nahi adina denbora har daiteke mentalizatzeko, plangintza ikaragarri xeheak presta genitzake, buruan izan genitzake datorren 4 hilabetetarako entregagai guztiak… halere, ordenagailu eta paperen aurrean jartzean ez dago modurik lanari ekiteko. Agian erradikala ematen du, baina kasu askotan lanerako gogoa etortzeko, hastea da garrantzitsuena. Lan bat hasteak gure amaiera emateko sena aktibatzen du, eginbehar horren bukaera azkartuz. Berdin du, ez jakitea nondik hasi, edo egindakoa 5 minutu barru borratu behar izatea ez zuelako inongo zentzurik, garrantzitsuena lanerako moduan jartzea da.
Jabetuko zinen bezala, emandako hiru estrategietatik bat berak ez zuen zerikusirik motibazioarekin; izan ere, lanerako, grinak baino askoz garrantzia gehiago du disziplinak. Motibazioa etor daitekeen bezain erraz desager daiteke, baina lanerako disziplina duenak lanari ekiteko ez du inolako eragozpenik izango.
Gehienetan lan bat hastea da hura amaitzeko gogo gehien eragin dezakeena. Helburua ez da, lan batetik bestera inongo deskantsurik gabe igarotzea androideak bagina bezala, baina deskantsu gehiegi hartzeak lan guztia amaieran pilatzea ekartzen du.
Espero dut azaldutako teknikak baliatuz, irakurleek ere beraien eginbeharrak ahal bezain pronto aurrera ateratzea, eta horrela, azken entrega egunetan hankaz gora ibili beharrean, egindako lan gogorrean pentsatzen aritzea.
No comments:
Post a Comment